viernes, 4 de febrero de 2011

Legeak tiro

Bukatzeko bidean da 14 urterekin eskopeta erabili ahal izatea eta hiru tiro baino gehiago egin ditzaketen armak edukitzea. Espainiako Gobernuak zorroztu egin nahi du armen araudia. Proiektua aurkeztu du. Besterik da aurrera egingo ote duen. Ehiztariak aurka altxatu dira, eta indar handia dute. 2008an egin zuten bezala, protestarako prest daudela esan dute.

Joanak dira hego-haizeak eta usoak. Oilagor ehizarako denboraldia ere azkenetan da. Eskopetak zorroan sartuko dituzte aurki ehiztari gehien-gehienek, udazkenera arte. Edo ez. Eskopeta horietako asko —ehiztariek erabiltzen dituzten gehienak— zorrotik gehiago ez ateratzeko proiektua baitarabil esku artean Espainiako Gobernuak. Arma erdiautomatikoak debekatzea proposatu du. Ez hori soilik: armen araudia oro har berritzeko proiektua egin du, eta neurri zorrotzagoak iragarri. «Ez dugu ulertzen zertara datorren hau», dio, haserre, Adecap-Gazteak ehiztari elkarteko kide Mikel Barriosek. Madrilek atzera egin ezean mobilizazioak izango direla iragarri du.

Espainiako Gobernuak dio Europako Batasuneko legeetara egokitu behar duela egungo araudia —1993an ezarri zuten—, eta horretarako bideari ekin dio. «Pentsatzen genuen zerbait gogortzera zihoala. Ezkutuan kaleratzeko asmoa zuten; kaleratu, lege bihurtu, eta esan: 'Etor zaitezte orain, eta ikusiko dugu zer dagoen ondo eta zer gaizki'», salatu du Rufino Eizmendi arma saltzaile eta ehiztariak. Azkenean, lege proiektua jendaurrera atera du Espainiako Gobernuak, eta alegazioak jartzeko aukera eman. Urtarrilaren 22an amaitu zen epea. Milaka pertsonak egin zuten legearen aurka, eta oraindik guztiak batzen ari dira.

Arauak zorroztu nahi, eta hasieratik ekin diote horri, baimenak emateko gutxieneko adina igota. Adingabeek badute aukera ehizarako armak erabiltzeko, eta proiektuak ere onartzen du hori; ordea, gutxieneko adina igota: 14 urte ez, 16 behintzat izatea nahi du Madrilek. Ulergaitz zaio Barriosi, gazteen elkartekoari: «Arazorik ez da egon adingabeentzako baimenekin. Azterketak gainditu behar dira, eta nagusi batekin joan. Ez zaio edonori ematen». Baimen berezia da, Guardia Zibilak ematen duena. Adina igotzea ehizaren kalterako izango dela uste du Barriosek: «Gazteok ziurtatuko dugu ehizaren iraupena, eta horrelako trabek ez dute batere laguntzen».

Horrek soilik ez die eragingo, ordea, ehiztari gazteei. Ehizan aritzeko, jakina, armak behar dituzte, eta gazteentzat abagune egokia izan ohi dira armen enkanteak; Guardia Zibilak egiten ditu, ehiztari erretiratuen edo hildakoen armak baliatuta. «Nolabait esateko, gazteen merkatua dira enkanteak, prezio baxuan lor baitaitezke armak», dio Barriosek. Ordea, enkanteak kendu egin nahi ditu Espainiako Gobernuak. Arma saltzaileak ere ez du gogoko enkanteak kentzea: «Batzuek etxean oroigarri gisa gordetzeko hartzen dituzte armak enkantean, eta horiek kenduta ez dakit zer egin nahi duten».

Erdiautomatikoak, baliogabe
Nolanahi ere, armak eskuratzeko zailtasunak ez, gaur egun dituztenak debekatzeko asmoak sutu ditu ehiztariak. Arma erdiautomatikoak dira, Euskal Herrian gehien erabiltzen direnak. Egokiak dira euskal ehiztarien ehiza modu ohikoenerako: postuan usoen zain egoten dira, eta, haiek etortzean, azkar egiten dute tiro. «Debekua izugarria litzateke, eta oso eragin handia izango luke: kirol motako armen %80 baliorik gabe geratuko lirateke», ohartarazi du Eizmendik. Eta ez dira gutxi. Guardia Zibilaren azken datuek diote Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soilik 157.665 arma daudela —poliziek dituztenak kontatu gabe—, horietako 146.141 eskopetak; gehien-gehienak baliorik gabe utzi nahi ditu Madrilek.

Arma erdiautomatikoek legez kanpo aritzeko ematen duten aukerak sortu du ika-mika. Ehizaren Legeak dio hiru tiro baino gehiago ez daitezkeela jaurti segidan; erdiautomatikoek bost egiteko aukera ematen dute. «Eskopetei mugagailua jartzen zaie, hiru kartutxo baino gehiago ez sartzeko. Proiektuak dio ezinezkoa dela, hiruko gaitasuna behar duela», argitu du saltzaileak. Kontua da arma horiek ez dituztela ehizarako soilik erabiltzen; lehiaketetan baliatzen dituzte, eta horietan ez dago hiru tiroko muga. «Ehizaren Legea sartu dute, eta armenak ez du zerikusirik horrekin». Baina ehiztariek, tiro gehiago egiteko modua izanda, errespetatzen dute muga? «Ikuskapena egitean lehenbiziko begiratzen da mugagailua. Ez da salaketa asko izan», esan du Barriosek.

Egungo eskopeta gehienak ez badira baliagarri, mauka armagileentzat? Ezetz diote. «Erabiltzaileek armak eman beharko dituzte, suntsitzeko. Hori gehitzen bazaie lehendik dituzten eragozpenei, askok utziko dute ehiza», uste du Marta Gomezek, armagileen elkarteko gerenteak. Honela dio Eizmendi arma saltzaileak ere, datua utzita: «Arma denden %60 inguru desagertu egingo lirateke».

Salmentak lehenago ere ari dira behera egiten, hala diote saltzaileek eta enpresek. «Horrelako oztopoekin gero eta okerrago joango dira. Ilusioa kentzen zaio jendeari», esan du Eizmendik. Datuek diote: ehiztari kopurua jaisten ari da Euskal Herrian. Gaur egun, 80.000 ehiztari inguru daude, orain hamar urte baino milaka batzuk gutxiago. Eizmendik uste du ehizaren aurka «presio» egiten duela gizarteak, eta horretan zerikusia duela ehizako armak gainerakoekin parekatzeak. «Arau honek gerrako armak eta kirolerakoak, guztiak, sartzen ditu zaku berean».

Zaku berean sartuta, paintball jokoa eta gisakoak ere arautu asmo du Espainiako Gobernuak. Harrabotsa eragin du, muga zorrotzak jarri dituelako. «Proiektua bere horretan arau bihurtuz gero, ezingo da paintball-ean jokatu», ohartarazi du Debaventura etxeko kide Aritz Ormaetxeak.

«Ez zekiten zertan ari ziren»
Fede txarrez edo ezajakintasunez aritu ote den Espainiako Gobernua, ez dira ados. Barriosek uste du baietz, PSOEren asmoak daudela guztiaren atzean. Gomezek, ezetz: «Ez zekiten zertan ari ziren». Ormaetxeak dio akatsak dituela proiektuak, ezaugarriak nahastu egin dituelako; besteak beste, airsoft eta paintball jokoak. Airsoft-ean, soldaduak antzeratzen dituzte, benetako armen erreplikak erabiliz eta plastikozko bolatxoak jaurtiz; paintball-ean, ostera, pinturazko bolatxoak botatzen dituzte, armadak eta horrelakoak imitatzeko xederik gabe. «Ezjakintasunak eragin du hori. Ezinezkoak diren ezaugarriak eskatzen ditu proiektuak». Ormaetxeak nabarmendu du jolasa soilik dela paintball-a, eta ez lukeela armen legeak arautu beharko.

Jokoan erabiltzen diren markatzaileak —hala esaten diete bolatxoak jaurtitzeko gailuei, pistola eta era horretako adierak saihestearren— armatzat hartu ditu gobernuak, eta segurtasun neurri zorrotzak agindu. Ulergaitz zaio Ormaetxeari: «Markatzaileak inoiz ez dira izan arma. Ez dugu saihestuko armen legean sartzea, baina gutxienez egin dezatela era logiko eta koherentean». Gailu horiek saltzeko guneetan, armak balira bezala jokatu beharko dute: ate blindatuak, markatzaileak beiraztatzea, lapurreten aurkako gailuak... «Markatzaileak ez dira armak. Nire ustez, akats handia da lege horretan sartzea».

Arma enpresek ere uste dute «gehiegizkoak» direla Madrilek proposatutako segurtasun neurriak; besteak beste, zaindari gehiago jartzea eta lantegiak herriguneetatik urruntzea nahi du. «Ezinezkoa da horiek betetzea. Ez da soilik inbertsio handiagoak edo txikiagoak egitea; inposizio arbitrario eta surrealistak dira», esan du Gomezek. «Industria Ministerioak dio egokiak direla guk hartzen ditugun neurriak, lapurretarik ez dagoela, eta ez dagoela alarma sozialik». Proiektua indarrean jarriz gero armagileak joan egin daitezkeela ohartarazi du. «Horrela konponduko lirateke arau berriak sor dakizkigukeen arazoak».

Ekonomian eragina baluke armagintza enpresak Euskal Herritik joateak. Gasteizkoak talde antimilitaristaren datuen arabera, armagintzarekin lotutako ehun enpresa baino gehiago daude Euskal Herrian, 3.000 langile inguruk lan egiten dute horietan, eta enpresek 1.000 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa izaten dute urtean.

Protesta egiteko prest
Ehiztariak eta armagintza enpresak ditu aurkari orain Espainiako Gobernuak. Kopurua dute alde ehiztariek, asko baitira; indarra eta ahalmen ekonomikoa, armagintza enpresek. Mobilizaziorako prestatzen hasiak dira ehiztariak. «Lege honek ez du ez aurre eta ez atze, eta kalera irten behar bada, irten egingo gara», azaldu du Eizmendik.

Ez litzateke lehen aldia. Indar erakustaldia egin zuten 2008ko martxoaren 1ean, Espainiako Gorteetarako bozen aurretxoan. Biodibertsitatearen Espainiako Legea onartu berri zuten, eta Cristina Narbona Ingurumen ministroa kargutik kentzeko eskatu zuten milaka ehiztarik Madrilen, martxa batean. Hilaren 9an ziren bozak, eta PSOEk irabazi zituen berriro. Zapaterok hartu zuen gobernua ostera ere, eta Narbona ez zuen ministro jarri. Garaipen gisa hartu zuten ehiztari elkarteek.

Berriro ere kalera ateratzeko prest daude ehiztariak, eta ohartarazi dute 2008koa baino handiagoa litzatekeela manifestazioa. «Ordukoa jendetsua izan zen, eta ehiztariak soilik geunden protestan. Oraingo lege proiektu honek askoz ere jende gehiagori eragiten dio, eta manifestazioa askoz jendetsuagoa izango litzateke», ohartarazi du Barriosek, gazteen elkartekoak. Dagoeneko hasiak dira gobernuaren aurka protesta egiteko deialdi proposamenak egiten Interneten-eta.

Manifestazioak hasi aurretik egoera bideratzeko itxaropena dute Gomezek eta Ormaetxeak. Alegazioak aurkeztuta, espero dute Madrilek kontuan izango dituela. Armagileen elkarteko ordezkariak argitu du izan dutela bileraren bat Barne Ministerioko agintariekin, eta adierazi dietela saiatuko direla araua egokitzen. «Ez zuten espero horrelako nahas-mahasa sortzea eta hainbeste jenderi eragitea. Ez zegoen asmo politikorik. Funtzionarioek egindako proiektua da». Paintball-ean ere iragarritako neurri zorrotzak ez dituztela azkenean martxan jarriko, itxaropen hori du Ormaetxeak. «Esan dute paintball-a autoerregulatuz joan dela, eta horretatik ez zutela ezer aldatu nahi. Onartu dute proposamena aldatu egin beharko dutela». Negoziazioetan jarria du itxaropen osoa Gomezek: «Atzera egin nahi dutela esan digute. Noraino egingo duten? Hori ez dakit. Orain ikusiko da norainoko borondatea duten».
BERRIA

No hay comentarios: