viernes, 11 de abril de 2008

ZERGAITIK NAIZ EHIZTARIA?

Askotan gure bizitzan zehar erantzunik gabeko galdera askori egin behar izaten diegu aurre, baina zorionez niretzako galdera horri erantzuteak ez du inoiz inolako arazorik suposatu. Argi izan ditut beti ehiztari izatearen arrazoiak eta argi izango ditut beti, gure bihotzeko afizioaren egoera edozein modukoa izanda ere. Orain konturatzen naiz ehizan hasi nintzenetik mundu onek eman dizkidan onurak eta zihur nago oraindik asko eta asko emango dizkidala, bista atzera botatzeak nostalgia pixkat ematen dit, txikitan, eskopeta gabe, aitarekin, gauzak ikasten, ezer ez jakitetik izugarri ikastera pasatzen zarenean eta gañera gustatzen zaizuna egiten duzun bitartean ikasteak kalkulatu ezinezko balioa ematen die gauzei. Horixe izan zen ehizarekin gertatu zitzaidana, mundu berri bat zabaldu zen hamar ta piku urteko mutil honentzat, begiak ikusten zituzten gauza berriak, eta atzetik aitaren esperientziak eta horien bitartez lortutako jakintasuna jartzen zien ahotsa momentuei. Ahaztu ezinezko momentuak izango ziren, eta oraindik gehiago egongo direlakoan nago, aita garai haietakoa ez bada ere, bioi batzen gaituen afizioa edozein muga fisiko baino gogorragoa baita.
Hain urruti baina aldi berean hain gertu ikusten diren garai horietan ikasi nituen eperren ohiturak, oilagorren txokoak, galeperren gustoko lekuak etab. Orduan ikasi nuen benetan nolakoak ziren ehiztariak, euren kamaraderia, euren naturarekiko errespetua, euren txakurrenganako konfidantza itsua eta batez ere euren zihurtasuna naturaren alde lan egiten dutelakoan, euren eskubidea delako ehiza, baina batez ere euren bihotz barnean duten zerbait delako, euren barnean zerbait pizturik dutelako, ehiztariok barnean dugun itzal ezinezko sua bezalako zerbait izango balitz bezala.
Beraz, nik ere ahalegindu naiz ehiztari onaren baloreak nireganatzen, kamaraderia hori, naturarenganako errespetua eta berarekin gertatzen den hitz-gabeko komunikazioa, jakin badakidalako ehiza gure ingurugiroan duen eragina izugarri onuragarria dela dena ondo eginez gero eta ehizak aukera eman didalako momentu eta jende zoragarriak ezagutzeko. Horregaitik eta hainbat gauza gehiagogaitik ere, ehiztaria izan naiz, naiz eta izango naiz eta gure eskubideen alde borrokatu beharra badago, borrokatuko dugu, berriro ere Madrileko Castellanara joatea beharrezkoa bada, bertan aurkituko nauzue, jasan izan ditugun hainbat eta hainbat eraso ez jasatzearren eta gure betiko ohiturak ez galtzearren borrokatzea guztiz bidezkoa dela baiteritzot.
Eskerrikasko Iker, blogean nire idatziak ipintzeko txoko bat lagatzeagatik eta irakurle guztiei euren denbora emateagatik hau irakurtzen.
BAI BAI BAI, KONTRAPASARI BAI!

Mikel Barrios Azkonaga

No hay comentarios: